XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III. Matematika

1.- SARRERA

Lehen Hezkuntza izeneko etapa honetan Matematika arloaren beharra eta garrantzia justifikatzeak alferrikako lana dirudi, nekez aurkituko baita oinarrizko Curriculum batean arlo honen presentzia ukatu duen pertsonarik.

Kaleko jende arruntak Matematika oinarrizko Curriculumean egoteko bi arrazoi ematen ditu nagusiki. Lehena, zenbakien ezagutza beharrezkoa da eguneroko bizitzak sortzen dituen problemei aurre egiteko; bigarrena, Matematika ikasiz arrazoitzen ikasten delako. Beste gauza askotan bezala, jende arruntaren uste zabaldu hauek egia zati bat azaltzen dute eta beste bat ezkutatzen.

Zenbakien ezagutza baloratzen denean, Matematikak gure kulturan duen garrantzia ari gara azpimarratzen eta, horrela ulertuz gero, arlo honen irakaskuntzak bete behar duen funtsezko funtzio bat ari gara deskribatzen ondo baino hobeto. Baina ez bakarrik zenbakiak, baita magnitudeak ere: luzera, pisua, denbora, azalera, bolumena...; edota oinarrizko konzeptu geometrikoak: barruan, kanpoan, eskuina, ezkerra, lerroak, angeluak, irudiak...; edota datuak aurkezteko eta maneiatzeko geroz eta arruntagoak diren grafikoa eta taula; eta abar.

Hortaz, jende arruntak zenbakien ezagutza ezinbestekotzat jotzen duenean, gure kulturan oinarrizko eta arruntak diren kontzeptu eta prozedura matematikoak aipatzen ari direla (aipatu gabe ere) ulertzen badugu, Matematika delako arloaren irakaskuntza ondo bideratzeko norabidetik goazela uste dugu.

Matematika ikastea arrazoitzen ikasteko egokia dela deritzaio jende askori. Zer esan dezakegu horri buruz? Gure iritziz, baieztapen horrek zehaztapen desberdinak behar ditu. Matematika ikastea arrazoitzen ikasteko egokia gerta daiteke, baina metodologia egoki bat erabiltzen bada bakar-bakarrik.

Hortaz, gerta liteke Matematika ikasten aritu eta ahalegin hau dela bide norberaren arrazoitzeko gaitasuna bereziki ez garatzea. Bestetik Matematika ez da arrazoiketaren garapena bultzatzeko gauza den arlo bakarra, beste edozein arlok, ondo planteatuz gero, eginkizun berdina bete dezake. Zehazpenak zehaztapen, dudarik ez dago Matematika arloa egokiera ezin hobea dela arrazoitzeko gaitasuna garatzeko eta eginkizun honetarako erabiltzea zilegia eta zuhurra dela.

Azken urteotan aurrerapen teknologikoak oso handiak izan dira, aurrerapen horiek direla bide gaur egun kalkulu aritmetikoa automatizaturik aurkitzen da. Eskolaren bidez kalkulu horiek burutzeko potentziatu den gaitasunaren garrantzia dudan jarri ere egiten da. Zertarako ordu piloa pasa gaur egun edozeinen esku dagoen makina batek jesus eta amen batean egiten duena egiten ikasteko? Zer zentzu dauka makina horiekin norgehiagoka aritu nahi izateak?

Galderak hor daude eta berorien garrantziaz jabetzen bagara ere, gaur egungo eskolak erantzun beharrekoak direla onartu beharko genuke. Guk arlo honetarako egiten dugun proposamen honetan burutapen hauek kontuan hartu ditugula esan nahiko nuke. Matematikaren barruan problemak egiteari lehentasuna eman nahiko genioke, eta kalkulu lanera, guretzat lehenengo eginkizuna den helburu horretara, egokitzea da gure asmoa. Hortaz, kalkulu idatziak orain arte izan duen nagusigoa alde batera utziz, buruzko kalkulua, kalkulu estimatiboa eta hurbilpenezko kalkulua potentziatu nahiko genituzke.

Era berean, gaur egun alde batera utzirik dauden Matematikako beste atalak, hala nola Geometriaren bidez egiten diren eraikuntzak, grafikoak eta Estadistikako nahiz Probabilitateko oinarrizko kontzeptuak dira, beste batzuen artean, azaltzen ari garen proposamen honetan landu nahiko genituzkeen gaiak.

Bigarren Ziklo honen berezitasun nagusiak zehazteko zer hobe aurrerago planteatzen diren helburuak komentatzea baino? Ekin diezaiogun beraz.